2014(e)ko urtarrilaren 27(a), astelehena



NEGARREZ IDAZTEN

Ez dakit zein den nire idazketa esperientzia atsegingarriena; izatez, irakurtzea idaztea baino askoz gehiago gustatu zait betidanik. Ikasketak amaitu nituenetik ez dut testurik idatzi; nire sinadura utzi dut soilik banketxeko paperetan, etxearen maileguan, dendetako papertxoetan.

Idazketarekin erlazionatutako esperientzia bakarra gogoratzen dut; baina ez zen oso atsegina izan: izatez, ez dut gogoratzen zer idatzi nuen. Nire neba eta biok udalekuetan geunden, Murgiako aterpetxean. Nik 6 urte nituen eta nire nebak 8. Uztaileko lehen hamabostaldian joan ginen; eta, hain zuzen ere, egun horietan, nire urtebetetzea izan zen, eta 7 urte bete nituen. Ez dut ospakizunik gogoratzen.

Bi aste horietan, behin idatzi genien gurasoei eskutitza. Aterpe barruan, gela haundi eta hotz batean, nire neba eta biok lanari ekin genion. Gu bezala, beste batzuk ere zeregin berberan aritzen ziren. Lehen azaldu dudan bezala, ez dut gogoratzen zer idatzi genuen; bakarrik nire negarrak gogoratzen ditut, eta nire nebak honela esaten zidala: “Hala, Amaia, ez egin negar, isildu zaitez, eskutitza idatzi behar dugu eta”.


           

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina