2014(e)ko apirilaren 10(a), osteguna



ITZULPENA

La musicoterapia es el manejo de la música y sus elementos musicales (sonido, ritmo, melodía y armonía) realizada por un musicoterapeuta cualificado, con un paciente individual o un grupo. Es un proceso creado para facilitar, promover la comunicación, las relaciones, el aprendizaje, el movimiento, la expresión, la organización y otros objetivos terapéuticos relevantes, para así satisfacer las necesidades físicas, emocionales, mentales, sociales y cognitivas.
Actualmente la musicoterapia como disciplina de Salud se ha extendido alrededor del mundo. Hasta la actualidad, se han desarrollado carreras de grado y post-grado.

Musika-terapia da tituludun musikoterapeuta batek musika eta musikaren elementuak (soinua, erritmoa, melodia eta harmonia) erabiltzea gaixo banako edo talde batekin. Prozesu honek helburu hau du: komunikazioa, harremanak, ikaskuntza, mugimendua, adierazpena, antolaketa eta abar erraztea eta bultzatzea, horrela, premia fisikoak, emozionalak, mentalak, ingurunekoak eta kognitiboak betetzeko. Gaur egun, musika-terapia mundu osotik hedatu da Osasun arloko diziplina bezala. Orain arte, gradu eta graduondo karrerak garatu dira.  

2014(e)ko martxoaren 27(a), osteguna



AMAMAREN KAFESNEA

Euria egiten du. Eskolatik korrikan irten naiz; Basaurirako trena 5 minutu barru Durangotik pasatuko da, eta ez dut galdu nahi. Ostirala da: beste aste bat eginda. Geltokira heldu naizenean, trena datorrela ikusi dut. Jende gutxi dago barruan, eta are gutxiago igo gara.

Ordu erdiko bidaia eta gero, Arizko geltokira heldu eta trenetik jaitsi naiz. Amamaren etxera noa: azken hilabeteetan ostiralero amamaren etxera noa askaltzera. Nagusia kalean bizi da, azkenetariko atari batean. Eraikuntza nahiko zaharra da, “La Basconia” lantegiak bere langileentzat egindakoa, beste hainbeste bezala. Amama beheko solairuan bizi da; sei eskailera igo eta ezkerretara dagoen ateko txirrina jotzen dut. Barrutik ez dator soinurik,  baina badakit amama etxean dagoela: kaletik igo naizenean, leihotik eskuarekin agurtu nau.

Amama txikia da, pixka bat lodi dago eta ilea zuria dauka. Nire lagun batek esaten duen bezala: “Amaia, zure amama amama prototipoa da, oso potxoloa, besarkatzeko gogoak sartzen zaizkit ikusten dudan bakoitzean”.

Elkarri muxu eman eta gero, sukaldean sartu gara. Amamak prest ditu kafesnea eta madalenak. Hori da ostiralero prestatzen didan askaria. Zelan lana, Durangon hotz, ezta?... horrelako galderak egiten dizkit eta nik ondo, eta baietz erantzuten diot. Askaria amaitzerakoan, amamarekin kalera irten naiz eta lagunekin kartetan jolasten duen lekuraino lagundu diot.

Baina orain amama ez da betikoa, ez da nitaz gogoratzen eta nik faltan botatzen ditut bere kafesnea eta madalenak. Bere pareko kafesnerik ez dut topatu.

2014(e)ko otsailaren 8(a), larunbata



 

ESKARABILLERA

 

Orain ehun urte, Basauri herri txikia zen. Industrializazioarekin batera, populazioaren hazkundea ikaragarria izan zen. Hainbat lantegi zabaldu ziren, haien artean, “La Basconia” fabrika. Bertan, ikatza lantzen zen. Erre gabeko ikatz zatiei eskarabilla esaten zaie. Historiak esaten digu basauritar ume eta emakume askok eskarabilla hartu, eta etxeko suan erabiltzen zutela. Eskarabillari esker, etxeak beroago zeuden; eta tuberkulosia ekiditeko aproposa izan zela kontatzen da herrian.

Horrela, 1969.urtean Basauriko jaietarako aukeratu zen pertsonaia, Eskarabillera izan zen. Panpina emakumea da, San Faustoetako koadrilen arropaz jantzia (urtero aldatzen da arropa, Eskarabilleraren arduraduna den koadrilaren arabera). Buruan saskia darama, eskarabillaz beteta.

Basauriko pertsonaia honek bere ohorez egindako estatua bat dauka; honetan, emakume bat eta neska txiki bat agertzen direlarik.

 

 

 

      

 

 

 

 

 

 

2014(e)ko urtarrilaren 27(a), astelehena



BELDUR NAIZ

Bat-batean esnatu zen, gorputz osoa izerditan blai. Beldur zen, beldur ikaragarria. Amesgaiztoren bat? Ez, zerbait entzun eta horregatik esnatu zen. 

Logela ilun zegoen, otsoaren ahoa baino ilunago. Belarriak erne zituen soinu horren zain. Orduan, mugimendua sentitu zuen izaren artean, hor behean zerbait mugitzen zen. Astiro-astiro izarak altxatu eta …



NEGARREZ IDAZTEN

Ez dakit zein den nire idazketa esperientzia atsegingarriena; izatez, irakurtzea idaztea baino askoz gehiago gustatu zait betidanik. Ikasketak amaitu nituenetik ez dut testurik idatzi; nire sinadura utzi dut soilik banketxeko paperetan, etxearen maileguan, dendetako papertxoetan.

Idazketarekin erlazionatutako esperientzia bakarra gogoratzen dut; baina ez zen oso atsegina izan: izatez, ez dut gogoratzen zer idatzi nuen. Nire neba eta biok udalekuetan geunden, Murgiako aterpetxean. Nik 6 urte nituen eta nire nebak 8. Uztaileko lehen hamabostaldian joan ginen; eta, hain zuzen ere, egun horietan, nire urtebetetzea izan zen, eta 7 urte bete nituen. Ez dut ospakizunik gogoratzen.

Bi aste horietan, behin idatzi genien gurasoei eskutitza. Aterpe barruan, gela haundi eta hotz batean, nire neba eta biok lanari ekin genion. Gu bezala, beste batzuk ere zeregin berberan aritzen ziren. Lehen azaldu dudan bezala, ez dut gogoratzen zer idatzi genuen; bakarrik nire negarrak gogoratzen ditut, eta nire nebak honela esaten zidala: “Hala, Amaia, ez egin negar, isildu zaitez, eskutitza idatzi behar dugu eta”.


           

2014(e)ko urtarrilaren 14(a), asteartea