2014(e)ko martxoaren 27(a), osteguna



AMAMAREN KAFESNEA

Euria egiten du. Eskolatik korrikan irten naiz; Basaurirako trena 5 minutu barru Durangotik pasatuko da, eta ez dut galdu nahi. Ostirala da: beste aste bat eginda. Geltokira heldu naizenean, trena datorrela ikusi dut. Jende gutxi dago barruan, eta are gutxiago igo gara.

Ordu erdiko bidaia eta gero, Arizko geltokira heldu eta trenetik jaitsi naiz. Amamaren etxera noa: azken hilabeteetan ostiralero amamaren etxera noa askaltzera. Nagusia kalean bizi da, azkenetariko atari batean. Eraikuntza nahiko zaharra da, “La Basconia” lantegiak bere langileentzat egindakoa, beste hainbeste bezala. Amama beheko solairuan bizi da; sei eskailera igo eta ezkerretara dagoen ateko txirrina jotzen dut. Barrutik ez dator soinurik,  baina badakit amama etxean dagoela: kaletik igo naizenean, leihotik eskuarekin agurtu nau.

Amama txikia da, pixka bat lodi dago eta ilea zuria dauka. Nire lagun batek esaten duen bezala: “Amaia, zure amama amama prototipoa da, oso potxoloa, besarkatzeko gogoak sartzen zaizkit ikusten dudan bakoitzean”.

Elkarri muxu eman eta gero, sukaldean sartu gara. Amamak prest ditu kafesnea eta madalenak. Hori da ostiralero prestatzen didan askaria. Zelan lana, Durangon hotz, ezta?... horrelako galderak egiten dizkit eta nik ondo, eta baietz erantzuten diot. Askaria amaitzerakoan, amamarekin kalera irten naiz eta lagunekin kartetan jolasten duen lekuraino lagundu diot.

Baina orain amama ez da betikoa, ez da nitaz gogoratzen eta nik faltan botatzen ditut bere kafesnea eta madalenak. Bere pareko kafesnerik ez dut topatu.

2 iruzkin:

  1. Oso ederra iruditu zait narrazioa, Amaia. Zorionak!
    Azken esaldiak amaiera oso sentimentala ematen dio idatzi osoari; eta zentzua ematen dio, nolabait guztia borobiltzeko oso egokia iruditzen zait.

    ErantzunEzabatu